XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honela nafartarrek onartua dute Espainia eta Nafarroa osorako testamentua euskaraz egiteko eskubidea.

Artikulu honetatik, bederen, euskara hutsezko testamentuari ez zaio bere posibilitate teorikoa ukatzen.

Beraz, notarioa euskalduna bada, edozein nafartarrek edukiko luke eskubidea bere testamentua euskara soilean egiteko.

Eta eskubide hau, Espainiako edozein lurralde zein ordezkapen diplomatikotan, lehen esan legez, aritzeko aukera ematen zaio.

Dena dela egoera hori guztiz arraroa izanik, sarriago gertatuko den beste egoeran, hau da, notario edo fedatario erdaldunaren kasuan, kode zibilaren 684. artikuluaren bidetik ibiliko ginateke ere.

Jakingarria da, alabaina, nola kontrajartzen diren hemen eskubide linguistikoak arautzekotan, bi printzipioak: bata personalitatearena, Nafarroako Konpilazioak onartuta, testamentua euskaraz egiterakoan eta bestea territorialitatearena, Ley del vascuence delakoak ezarrita, esparru itxi eta mugatu baterako.

Beraz, gure ustez, Nafarroaren eremuan euskara hutsezko testamentua egiteko aukera, notari euskalduna ez den kasuetan, zona vascofonara hedatzen da bakarrik.

Bestelako interpretaziorako argudioa izan arren (horra hor konpilazioa) ez dugu uste praktikan posible denik.

Hortik kanpo, konpilazioaren bidez, bi hizkuntzetan idatzita, nafartarrek badute beren testamentua euskaraz egiteko ahalmen osoa.

Honetan ere azken boladako legislazio linguistikoa nolabait osatu beharra dago, Euskal komunitate Autonomoan, dokumentu publikoaren errejimena zehazteko eta Nafarroan eskubide linguistikoak erresuma zahar horren lurralde osora zabaltzeko.

Bitartean lagungarri izan dadin uste soilean, bego hemen euskara hutsezko testamentu ireki baten formulaziorako proposamena, geroko errealitate batzuren aurrepausu apala izan nahi duena.

Horretarako berton ematen dugun eredua, kasurik arruntenari dagokiona da, alegia, senar-emazteenari, seme bat izanik, eta inolako legatu, xedapen edo disposizio berezirik gabekoa.

Azaltzen den testamentua senarrarena da, emaztearena guztiz berdina baita beharrezkoak diren izen aldaketak egin ostean.

Bostehun berrogei ta hamaikagarren zenbakia.

Ondarroan, nire egoitzan, 1984. urteko Abenduaren hamabian, arratsaldeko ordubiak direla.

Nire, Jose Maria Arroita Jauregui, Bilboko Notario kolegio txit prestuko eskribau honen aurrean.